Donostia Kutxakultur Festibala laster.

 

Nork ez dio inoiz, Boulen, garagardo on bat dastatzen duen bitartean, Rockdelux edo Mondosonoro aldizkarien orrialdeei begiratu bat eman? Rock alternatiboaren eta indie musikaren azken berrien inguruan egunean jartzeko balio izaten du honek.

Dena den, ez dakit zuei gertatuko zaizuen, adina izango da akaso, baina nire burua musika mundu honetan gero eta galduago ikusten dut batzuetan. Honelako zerbait:

 

kutxa-kultur-festibala-2017-1

 

Baina hel diezaiogun berriro musika alternatiboaren mundu honi. Indie terminoa ingelesezko ‘independent’ hitzetik dator, independiente, alegia. Hasieran disketxe handietatik aparte sortutako mugimendu musikala dugu, beraz. Gaur egun ordea, gehiago lotzen dugu musika estilo batekin. Beste askoren artean Pixies, Sonic Youth edota Yo La Tengo bezalako taldeak izango lirateke mugimenduaren adibide. Hauen eragina jasotako taldeak ere izan ditugu Euskal Herrian: Beti Mugan hondarribitarrak eta Ama Say, esaterako, edo gaur egun puri-purian dauden Belako edo Luma.

Baina rock alternatiboaren inguruan irakurri baino, kontzertuez gozatu nahi duenik egongo da. Datorren asteburuan dago horretarako aukera, Irailak 15 eta 16an Donostia Kutxakultur Festibala izango bait da. Aurten gainera bitxikeria batekin, orain arte Igeldoko jolas-parkean ospatu bada, aurtengo edizioa Donostiako hipodromoan izango bait da.

 

kutxa-kultur-festibala-2017-2

 

 

Joko duten taldeei dagokionez, kartelburuak aipatuko ditugu. Ostiralean The Jesus And Mary Chain eskoziarrak izango dira. Beren musika ‘shoegaze’ estiloaren barnean kokatu ohi da (oinetakoei begira jotzen duten musikariengatik deitzen zaio horrela). 80. hamarkada amaiera eta 90.aren hasieran arrakasta nabarmena izan zuten, 99. urtean jotzeari utzi zioten arte. 2007an ordea berriro elkartu ziren eta hor jarraitzen dute.

Larunbatean berriz, The Hives talde suediarrak joko du. Energiaz beteriko kontzertua espero dugu. 2000ko hamarkadan ospe handia lortu zuten beren garage-rock estiloko kantekin.

Euskal taldeak ere izango dira, besteak beste Zea Mays bilbotarrak edo lehen aipaturiko Luma pasaitarrak.

Aukera hor dago bada. Inor joatera animatzen bada ondo pasa dezala. Eta bestela baita ere, ze arraio!

 

kutxa-kultur-festibala-2017-3

 


Texto y Cómic: BUR