Aurreko postean Donostialde hortara gerturatu ginen musika zela eta. Orain ere bertara itzuliko gara, datorren astearen amaieran, egun batzuez, Donostia beldurraren hiriburu bihurtuko bait da.

 

cerveceria-boulevard-irun-Gure-Gunea-BUR-1

 

Ez da hori emakumea, eta ez da hainbesterako izango! Kontua da Fantasia eta Beldurrezko Zinemaren 28. astea gainean dugula. Zinema genero honen jarraitzaileak pozik egongo zarete, beraz, zonbiak, estralurtarrak, banpiroak… eta gustu guztietarako fantasia eta beldurrezko zinemaz gozatzeko aukera izango baita.

Zinema jaialdi honek irudia bereziki zaintzen du. Festibala iragartzen duen kartelari, adibidez, aparteko garrantzia eman izan diote urte batzuetatik hona. Iaz adibidez Óscar Reyes aktorea izan zen protagonista samurai paperean ederki sartuta, edo 2010ean 60. hamarkadako Barbarella film ezagunari omenaldi bat egin zioten Marta Etura aktoresak eta Juan Ochando futbolariak. Aurtengo karteleko protagonista María José Cantudo andaluziarra da, zinema zein antzerki ugari egin duen aktoresa. Bere ibilbidean zehar beldurrezko zenbait film ere antzeztu ditu, eta aurtengo jaialdiko kartelean banpiro bihurtuta datorkigu.

 

cerveceria-boulevard-irun-Gure-Gunea-BUR-2

 

Baina une honetara iritsita, haurra nintzela oso kuttuna nuen ipuin bat ekarri nahi nuke gogora: Patxi Errementaria, hain zuzen ere. Istorio honek gaiztakeriara emana zegoen errementari baten joan-etorriak kontatzen ditu, nola egiten dien aurre bera infernura eraman nahi duten deabruei. Eta zergatik etorri zaidan burura ipuin hau? Ba Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 28. asteari hasiera emango dion ‘Errementari’ filma ipuin honetan oinarriturik dagoelako. Paul Urkijo Alijoren lehen film luzea da hau, Kandido Uranga, Uma Bracaglia, Eneko Sagardoy eta Ramon Agirrek antzeztua. Agendan apuntatzeko modukoa.

 

cerveceria-boulevard-irun-Gure-Gunea-BUR-3

 

Baina jaialdi honek aktibitate gehiago eskainiko ditu, noski, besteren artean ‘Emakume zinegileen erasoa’ zikloa ere izango da. Tradizionalki gizonezkoek bete duten esparrua da beldurrezko zinemaren mundu hau, baina ziklo honek erakutsiko digu ez dela esparru esklusiboki maskulinoa, eta munduko hainbat lekutan arrakastaz proiektaturiko zenbait film ikusteko aukera eskainiko digu, emakumeek zuzendurikoak hauek.

Zer? Ez zaretela datorren astebururarte itxaroteko gai? Tira tira, hemen proposatuko dizkizuet apetitoa irekitzeko online ikusi daitezkeen fantasia eta beldurrezko zenbait film, euskaraz gainera: Ataun Of The Dead, zonbien pelikula jada mitikoa; honen jarraipena den Joxean’s Hil Eben, banpiroak gehituko zaizkio honekin; eta amaitzeko Euskal Harriaren ABDak, film labur ugarik osaturiko pelikula. Lehen biak Katiotsak Logiak egindakoak dira, eta hirugarrena proiektu irekiagoa nolabait, baina hauek ere tarteko.

 

cerveceria-boulevard-irun-Gure-Gunea-BUR-4

 

Ondo pasa bada, eta ez izan amets gaiztorik!

 


Texto y Cómic: BUR