Euskal Kulturaren Zita

 

durangoko_azoka_logo-svg-1

 

www.durangokoazoka.eus

Abendu hasieran, urtero bezala, euskal kulturak zita garrantzitsua du: Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka. Aurtengoa 51. edizioa izango da.

 

cerveceria-boulevard-irun-gure-gunea-euskal-kulturaren-zita

 

Euskal kurtungintzan aritzen diren sortzaileetako askok Durangoko Azoka aprobetxatzen dute beren nobedadeak aurkezteko.

 

Azokatik bueltatxo bat ematea, patxadaz eta lasaitasunez, stand ezberdinak bisitatuz eta liburu eta diskoei begiratu bat emanaz ez da plan txarra izaten. Azokaren inguruan ekitaldi ezberdinak antolatzen dira gainera, esaterako Ahotsenean musikari zein idazleek beren lanak aurkezten dituzte, edo Irudienean filme edo dokumentalen aurkezpenak ikus ditzakegu. Aukera bikaina, beraz, nik bezala kultura atsegin baduzu, argitaratu berri diren produktuak ezagutu eta…

 

cerveceria-boulevard-irun-gure-gunea-euskal-kulturaren-zita-2

 

Ejem! Tira… bai. Egia da Azokara gerturatzen naizenean Durangoko tabernatara ere joan ohi naizela. Ze azokan soilik ez, herrian ere giro aparta sortzen da eta atsegina da bueltaxka bat ematea.
Eta gainera… hori ere ez al da ba euskal kultura?

 

cerveceria-boulevard-irun-gure-gunea-euskal-kulturaren-zita-3

 

Aurtengo azokan aurkeztuko diren nobedade batzuk aipatuko dizkizuet ba. Liburu batekin hasiko naiz. Ahotsenean aurkeztuko da Gogoratzen nauzuenetan. Ipuin ilustratuen bilduma. Txingudi Anti Sexista osatzen duten elkarteek antolaturiko Asun Casasola Ipuin Lehiaketan jasotako hamairu ipuin ez sexistek osatzen dute liburu hau. Emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte bat lortzeko tresna izan nahi luke ipuin bilduma honek.

 

Anari musikari azkoitiarrak eta bere taldeak iazko Zure Aurrekari Penalak diskoa osatzeko asmoarekin grabaturiko Epilogo Bat diskoa da Durangon aurkeztuko den beste nobedadeetako bat. Anariren musikaren doinu gordinak entzuteko aukera ederra. Karlos Osinaga eta Martxel Arkarazok lagunduta grabatu dute eta Bidehuts zigiluak argitaratu du.

 

Aurrekoen moduan Garate estudioetan grabatu du Pecozza United talde irundarrak bere disko berria, Eszeptizismoaren Poltronatik titulupean. Punk-rock doinuek hirukote honen letra satiriko, ironiko eta umoretsuak janzten dituzte. Punk irreberentea bezala definitu izan dute beren estiloa.
Inor indiferente utzi ezin duen musika.

 

Amaitzeko, eta satirarekin jarraituz, H28 aldizkariaren urtekaria dugu: Urdekaria. Euskal satiraren erreferente bihurtu den komiki aldizkari honek bi urte beteko ditu aurki. Hilabetero komikilari ezberdinen lanekin zenbaki berri bat sareratzen dute h28.eus webgunean, eta iaz bezala, urtean zehar argitaraturiko zenbait komikirekin liburuxka bat osatu dute Durangoko Azokarako. Papera pantaila baino gehiago maite dugunontzako aukera aparta.

 

cerveceria-boulevard-irun-gure-gunea-euskal-kulturaren-zita-4

 

Hemen duzue ba Durangoko Azokan aurkituko dituzuen proposamenen lagin txikitxo bat, jakizue baina bertara gerturatuz gero hau baino askoz gehiago aurkituko duzuela.

 

Edozein modutan, Durangora joaten bazarete nahiz joaten ez bazarete, ondo pasa egun horiek!

 

 

Texto y Cómic: BUR